ETA erakundearen agiria.
      GARA eta EUSKALDUNON EGUNKARIAn agertuta 2001eko azaroaren 15a.


      ETAREN AGIRIA
      Estatuen «interlokuzio gaitasuna inoizko txikiena izaten ari da gatazka konpontzeko» dio ETAk

      * Madrilek eta Parisek konponketaren alde ez dutela «inolako urratsik egin nahi» adierazi du bere agirian * «Ezker abertzalea mapa politikotik ezabatzeko kola- borazio maila handia erakusten ari dira PNV eta EA»«Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzetik etorriko da askatasuna», adierazi du ETAk GARAri bidalitako bere azken agirian. Downing Streeteko Adierazpenaren pasarte nagusiak ekartzen ditu gogora ETAk, berriro ere Euskal Herriarentzat «hitza eta erabakia» aldarrikatzen duela. Ordea, gaur egun estatuek ez dutela gatazka konpontzeko urratsik eman nahi uste du ETAk, eta EAJ, EA eta EBk babestutako Lakuako Gobernuari «gatazka luzatzearen aldeko apostua» egitea leporatzen dio, bere ustez «inboluzio autonomistan» murgilduta dagoelako. ETAk atentatu bi hartu ditu bere gain: Juan Junqueraren goi mailako funtzionarioa Madrilen zaurituta utzi zuen atentatua eta Jose Maria Lidon epailearen heriotza eragin zuen Getxon egindako atentatua.

      GARA | DONOSTIA

      Euskadi Ta Askatasunak atentatu bi hartu ditu bere gain eta botere judizialaren inguruan bere hausnarketa plazaratu du. Hauxe dio erakunde armatuaren agiriak hitzez hitz:

      «ETAk agiri honen bidez honoko ekintzok bere gain hartu eta ondorengo gogoetak helarazi nahi dizkio euskal herriari:

      * Azaroaren 6an, Madrilen (Espainia), UCDren Gobernu garaiaz geroztik Espainiako Gobernuko goikargudun izan den Juan Junqueraren aurka lehergailuz betetako auto baten bidez burututako ekintza, ondorioz zauri arinak izan zituen. Tamalez, ekintzaren ondorioz, hainbat herritarrek ere zauriak jasan zituzten.

      * Azaroaren 7an, Getxon Espainiako Justizia aparatuaren aurkako ekintza, Bizkaiko Lurralde Auzitegian ari zen Jose Maria Lidon Corbi epaile espainiarraren aurka armaz egindako ekintza, zeinaren ondorioz hil egin zen.

      Euskal Herrian ez dago euskal legerik, ez dago euskal herritarrok geure kabuz hausnartu eta onartutako legerik. Aitzitik, euskal herritarroi Frantziako eta Espainiako botereek erabakitako legeak aplikatzen dizkigute. Gainera, horietako lege asko bereziki asmatuak izan dira Euskal Herria zanpatzeko eta dagoen zanpaketa egoera mantentzeko.

      Euskal Herriaren oinarrizko eskubide demokratikoak ezagutu gabe dirauten bitartean. Euskal herritarrak zigortzen dituzten lege espainiar eta frantsesen erasoa eguneroko ogia da gure herrian. Espainiako eta Frantziako epaileak dira gure herrian ''epaile'' lanetan ari direnak.

      Lege eta epaile horien bidez gure hizkuntzari eraso egiten zaio, bere berreskuratzea eta hedapena oztopatu egiten da, eta, berez, gure hezkuntza sistema propioa eta gure eredu eta plangintza sozio ekonomikoak erabakitzea eragozten laguntzen da. Eta, azken finean, gure herrian beren gisara dabiltzan indar armatu terroristen babes ezin hobeak dira lege eta epaile horiek.

      Instituzio arrotz horrek euskal herritarrak bahitzeko agindua ematen du, torturara igorriz, eta torturatik itzultzerakoan begiak ixten dituena, eta berriro ere sakabanaketaren torturara igortzen ditu.

      Euskal Herrian Justizia itxurakeria garratza besterik ez da, batzutan ''vasco'' abizenez ezkutatu nahi izaten badute ere. Euskal Herriak Justizia Espainia eta Frantziaren beste eraso tresna bat da, euskal herritarrak zigortzeko eta Euskal Herria zanpatzen dutenak absolbitzeko erabiltzen dena.

      Espainiako eta Frantziako legeek ez dute Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan ari direnak epaitzeko zilegitasunik; Justizia hori ez da instituzio independente bat, gerrarako tresna bat da; ez dio Euskal Herriari eta euskal herritarron eskubide zanpatuei zuzentasuna ekarriko.

      Euskal Herriaren aldeko herritar borrokalariak gupidagabe zigortzen dituzten epaile espainiarrek ez dute inpunitate eremurik Euskal Herrian.

      Euskal Herriarentzat eskubide demokratikoak errespetatuz hasten den zinezko Justizia lortu behar da. Euskal Herriak Justizia behar baitu.

      Gutxika-gutxika, borroka eta lanaren bidez, euskal herritarrok geure eskubideak eskuratzeari ekin genion. Eta borroka herritarrak espazio zabalak berreskuratu ditu Euskal Herriarentzat, are gehiago, azken urteotan funtsezko eskubideak eskuratzeko estrategia eta bide zehatza markatu dute Euskal Herriko indar ezkertiar eta progresistek.

      Horretaz ohartua da botere zentrala eta espazio horiek berreskuratzeko taktika abian jarri du. Azken batean, botere espainiarrak ez du inoiz eskutik askatu Euskal Herria lotzen duen katearen gakoa. Eta orain, dekretuz edota izua hedatuz helburu bakarra du, berriro ere Euskal Herrian egoera demokratikoa eta beraz gatazkaren gainditzea ekarriko lukeen irtenbidea eragoztea. Eta horretarako bere tresna garrantzitsuena Espainiako Konstituzioaren menpe dagoen Autonomien Estatua da.

      Euskal Herriko eta Espainiako politikari profesionalek ETAri autista izatea egozten diote. ETAkooi, aldiz, iruditzen zaigu politikari horiek berek direla sorgor direnak, norbere negozioetako irabaziak hobekien nola konpondu besterik ez dutela buruan; eta Euskal Herria zanpatua egotea negozio ederra dela horientzat.

      Profesionalak dira beren antzerkia egunero-egunero hedabideetan egiten, mahai azpian eta gizarteari bizkar emanez tratutan dabiltzan bitartean. Batzuk eta bestek gatazka konpontzeari muzin egiten diote, gaur egungo egoera probetxuko zaielako.

      Horregatik da garrantzitsua gaur egungo egoerari zinez erreparatzea: Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute konponketaren alde inolako urratsik egin nahi, beraien interlokuzio gaitasuna inoizko txikiena izaten ari da gatazkaren konponketari dagokionez. Entzungor eta mugitu gabe daude. Ez bada euskal herritarrak zigortzeko.

      PNV eta EA, duela hiru urte eraikuntza nazionalaren bidean urrats garrantzitsua egin eta gero, berriro ere inboluzio autonomistan murgilduta daude. Beren interlokuzio gaitasuna botere zentralarekin Kontzertu Ekonomikoaren bernegoziaketara murriztuta dago, eta gehienez botere autonomiko zatikatuaren sakontzea dute asmo nagusi. Ezker abertzalea ajendatik ezabatu egin dute. Eta mapa politikotik ezabatzeko kolaborazio maila handia erakusten ari dira.

      Ezker abertzaleak lehengo lepotik du burua. Ezker abertzalearen erreferentziak betikoak dira: elkarrizketa eta negoziazioa, oinarrikoz eskubide demokratikoen errespetua eta batez ere Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen errespetua.

      Bizi dugun inposaketa eta zanpaketa, politiko profesionalen antzerki eta azpi-tratu eta ezker abertzalearen ezinbesteko borrokatu behar hori baino askoz ere zuzenagoa litzateke honokoak irakurri ahal izatea:

      * Euskal Herriari ez ezik Espainiako eta Frantziako gobernuei ere dagokien arazorik larri eta garrantzizkoena, gatazkaren zergatiak ezabatzean, Historiak utzitako herentzia gainditzean eta hortik sortutako adostasun ezak sendatzean datza.

      * Presidenteek, Gobernu espainiarraren eta frantsesaren izenean, Euskal Herriko gizartearen gogo demokratikoa errespetaraziko dutela berretsi dute. Bai Espainiaren eta Frantziaren alde edo bai Euskal Herri batu eta burujabearen alde egiten badu. Oinarri honen gainean eta Espainiako eta Frantziako Gobernuen izenean errepikatu dute ez dutela Euskal Herrian inolako interes berekoirik, estrategikorik edo ekonomikorik.

      * Espainiako Erresumako Gobernuak eta Frantziako Errepublikako Gobernuak onartu dute Euskal Herriko biztanleriari dagokiola, bi aldeen akordioaren ondorioz, bere autodeterminazio eskubidea gauzatzea, honen oinarrian iparraldean eta hegoaldean, borondatez eta aldi berean emandako onespena egongo litzakeelarik. Eta azpimarratzen dute beraientzat ondorioa izan duen betebehar gisa, azaldutako hori guztia egia bihurtzeko araudia martxan jarriko dutela eta aldi berean, neurriak hartuko dituztela Euskal Herrian bizi den gizarteak kanpoko eragozpenik gabe aukeratzeko ahalmen askea izan dezan.

      Zer dira pasarteok? ETAk 1995ean argitara emandako ''Alternatiba Demokratikoa'' oinarritzat hartuz idatzitako testuak izan litezke. Baina zehazki hauxe da: 1993ko abenduan izenpetutako Downing Street-eko deklarazioaren izenez ezagutzen den testuaren moldaketa. Moldaketa xumea: Irlanda jartzen zuen lekuan Euskal Herria jarri dugu, eta Erresuma Batua, Britainia Handia edo Gobernu britainiarrak bere ardura erakusten zuen lekuan Espainia eta Frantziaren ardurak ezarri ditugu.

      Zer dira pasarteok ere? EBBren izenean Xabier Arzalluzek eta Joseba Egibarrek Aznarren Gobernuari joan den urriaren 30ean prentsaurreko publikoan irakurri zizkioten pasarteak ere badira.

      Pasarteok inori aurpegiratu beharrean, PNVk gatazka honetan egiten duen lanari buruz aritu beharko litzateke. Gatazkaren luzapena eta Euskal Herriaren zatiketa bermatu zuen Estatutu baten hogeita bigarren urteurrena bete denean beren burukideek honokoak botatzeko adinako kopeta eta zinismoa badute-eta: ''Gure herriak duen arazoa ez da konpontzen asteburu batetan'' (Gerenabarrena). Eta arazoa konpontzeko formula berria topatu ei dute, gure herriak bere askatasuna nola lortuko duen galdegiten zaienean honela erantzuten dute: ''Euskal gizarteak amaituko du ETArekin''. Hori al zen guztia? Ez, zeren formula hori aplikatzeko metodo berria ere aurkitu dute: ''euskal herritarrek guardia zibilarekin kolaboratu dezatela'' (Imaz)!

      Eta bitartean, lan munduan, irakaskuntza munduan, euskararen aurka, erasoak erasoen gainera, euskal herritarrak bahitzen dituzte, Espainiak eta Frantziak beren legeak aldatu eta zangopilatu egiten dituzte Euskal Herriaren alde borrokan ari direnen aurka egiteko. Eta horixe da PNVri bururatu zaiona: euskal gizarteak amaituko duela ETArekin.

      Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzetik etorriko da askatasuna. PP, PSOE, RPR eta PSFren inmobilismoa gatazkaren aldeko apustua da; eta PNV, EA eta IUk babestutako Ibarretxeren gaur egungo egoeraren bertsio berriak egitea ere gatazka luzatzearen aldeko apustua egitea da. Honela zioen Juan Jose Ibarretxek urriaren 30ean: ''El Estatuto tiene capacidad dentro de sí mismo para establecer un modelo que nos permita convivir a Euskadi y Espańa''. Bere abertzale, demokrata eta pertsona gisako iruzurrean jarraitzen du lotsagabe.

      Ezker abertzaleak du Euskal Herriarentzat egoera demokratikoa ekartzearen ardura nagusia. Egoera demokratikoa ez da ezker abertzalearen proiektu politikoaren inposaketa, baizik eta norberak bere ideiak berdintasunean defendatu eta bere proiektua egi bihurtzeko aukera izan dezan moduko egoera. Gaurko proiektu franko-espainiarraren inposaketa gainditzea da egoera demokratikoa eskuratzea gure herriarentzat.

      ETAn Euskal Herriaren alde guztia emateko prestutasunez ari garen euskal herritarrok, berriro ere, gure herriaren eskubide demokratikoen alde borrokan jarraitzeko gure konpromisoa agertzearekin batera, gure herriaren eraikuntzan ari diren herritar eta antolakundeei lan horretan jarraitzeko adore eman nahi diegu».

      Euskal Herrian,

      2001eko azaroaren 9an

      Euskadi Ta Askatasuna

      E.T.A.

      Índice home